XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.3.4.2. Aditz erazleak eta inpertsonaltasuna.

Aditz erazleekin ere aurki ditzakegu erabilera inpertsonalak.

Gertatzen dena da, inpertsonaltasuna, nagusiki, eragileari, hots, nork sintagmari badagokio ere, bigarren maila batean egileari buruzko inpertsonaltasuna ere kontuan har dezakegula.

Hobeki esan, egilea, nori sintagmaren bidez adieraziko dena, isilpean utz daiteke, nahiz hau ez izan erabat egitura inpertsonala.

Azter dezagun zer gertatzen den kasu bakoitzean, lehen bezala nor eta nor-nork sailetako aditz oinak bereziz.

Nor saileko aditz oinak.

Sail honetan, inpertsonaltasuna eragilea isilpean uztean datza, ekintzaren eragilea nor den ez aipatzean.

Baina erazle markak (arazi...) beti nor-nork motako laguntzailea eskatzen duenez, inpertsonaltasun markatzat -te, hirugarren pertsonako ergatibo pluralari dagokion markaz baliatuko gara: a. Pacheko ganbara eder batean sar-arazi zuten.

b. ordu beteko lasterraldia eginda, geldierazi zuten Santa Kruz.

Horixe da esango genukeena, baldin ekintza horien eragilea isilpean utzi nahi bagenu.

2. Nor-nork saileko aditz oinak.

Hemen ere egiazko inpertsonaltasuna eragilea, nork sintagmaren bidez adierazten duguna, isilpean uztean datza, horren ordez haiek subjetu huts bat azaltzen delarik.

Illaren 14garrenean Mañarian sekulako mutil-sailla galduerazi zioten Letonari....

Edota, ondoko adibidean, aditz ez jokatua izan arren, garbi gelditzen da eragileari buruzko inpertsonaltasuna, ez baita espreski aipatzen nork iruntsi-erazoten dizkien berriak adiskideei: Illuntzea zan, eta arratsaldeko une ori izan bere, egoki ta artarakoena da,(...), albista, izpar eta esamesak elkarri agertu ta adierazoteko, eta esanok geituz eta aldatuaz lenengo antzik bage utzi ta gorputz barriez taiuturik adiskideei iruntsi-erazoteko.